XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gipuzkoako Sagardoegileen Elkarteko zuzendari eta idazkari diren José María Irizar eta Miguel Angel Saez, Kultur eta Turismo Ekintzetxe eta Gipuzkoako Kutxako ordezkia atzoko prentsaurrekoan.

Bederatzi mila botila edango dira bihar Konstituzio Enparantzan.

IV Sagardoaren Erakusketa eta Dastapena ospatuko da bihar Konstituzio Enparantzan.

Berrogeita bost sagardoegilek hartuko dute parte berrehun botilarekin.

Gipuzkoako berrogeita bost sagardogilek hartuko dute parte bihar Donostian ospatuko den Sagardoaren Erakusketa eta Dastapena egunean, goizeko 11`30etatik eguerdiko ordubietara eta arratsaldeko 5`30etatik gaualdeko 8`30ak arte berrehun botila eskainiko dituelarik bakoitzak Konstituzio Enparantzaren arkupetan.

Gipuzkoako sagardoegile jubilatuei omenaldia

Gipuzkoako Kutxaren laguntzaz Gipuzkoako Sagardo Egileen Elkarteak eta Kultur Turismo Ekintzetxeak antolaturiko laugarren saio honetan, ohi bezala, aurten jubilatu diren gipuzkoar sagardoegileak omenduko dira: Urnietako Gurutzeta sagardotegiko Kasiano Setien, Asteasuko Anizeto Sarasola eta Tolosako Isastegiko Jose Maria Lasa, zeinei urrezko insignia luzatuko zaien.

Ordubata eta laurdenean burutuko den omenaldi berezi honetan noski, ez dira faltako aurreko hiru edizioetan omenduak izan direnak.

Jai giroa egun guztian zehar.

Goizeko 11`30etan emango diote hasiera Sagardo Egunari Azkonobieta eta Jokin trikitilariek, ondoren, ordubata laurden gutxiagotan, Sebastian Lizaso eta Mendizabalek bertso pare bana eskainiko dituztelarik.

Goizeko egitaraua Iñaki eta Jose Mariren txalapartarekin bukatuko da, omenaldiaren ondoren eskainiko dutenarekin, sagardo festa, halere, ez da eguerdian bukatuko, arratsalde partean ere trikitilariak, bertsolariak eta txalapartariak entzun ahal izango baitira zortzi t`erdiak arte, nahiz eta sagardoa ziuraski lehenxeago bukatuko den.

Edalontzi bereziak salgai

Aurten ere, iaz bezalaxe, Sagardo eguna idatzirik daramaten kristalezko edalontziak egongo dira salgai plaza erdian 300 pezetatan, aurreko edizioan barra barra saldu ziren Asturiasen egindako edalontzi politak.

Banaka nahiz dozena erdiko kaxetan eros daitezkeen edalontzi hauek iaz jarri ziren salgai lehen aldiz, dirudienez jendea kexatu egiten bait omen zen zikinkeriaz.

Goizean zehar, bestalde, sagardoa nola egiten den ikusteko aukera eskainiko da eta arratsaldean, berriz, mosto egin berri hori edan ahal izango da nahi izanez gero.

Halaber, aintzinako tresnak egongo dira ikusgai egun guztian zehar, besteak beste Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko zuzendaria den José Maria Irizarrek berak aurkitutako prentsa zahar bat.

Ni txikia nintzela, banekien prentsa hori aspaldian eroritako baserri zahar baten inguruan zegoela enterraturik eta, azkenean, buelta asko eman ondoren, lortu nuen aurkitzea eta ateratzea.

Aipatu behar da baitere bakailau tortilla pintxoak egongo direla salgai, ez baitago nonbait sagardoari laguntzeko jakirik aproposagorik.

Gipuzkoako Sagardoegileen Elkarteko zuzendariak atzo ospatutako prentsaurrekoan adierazi zuenez, sagardoaren gaurregungo egoera ona da, eta martxa honetan jarraituz gero, hamar urte barru hemengo sagarrekin egindako sagardoa besterik ez dugu kontsumituko, kanpotik ekartzeko beharrik izan gabe.

Hau posible izango da, bere ustez, produkzio eta kontsumoaren arteko oreka lortzen denean eta hori ez omen da gertatuko jendea kontzientziatzen ez den bitartean.

Dena dela jarraitzen du Irizarrek, botila aldaketak orain hiruzpalau urte sortarazitako egoera latza gainditu dugu eta jendea hasi da berriz ere sagardoa erosten eta edaten.

Instituzioak ere hasi omen dira arazo honetaz kontzientziatzen, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak eskainitako laguntzei esker sagarrondoak ugaritu egin bait omen dira azken urteotan.

Nekazariak animatu egin dira sagarrondo berriak landatzera, batez ere instituzioek ordaindu egiten dizkietelako gasto guztiak urtero.

Gure aitonen sagarrondoak ez ezik, kasik desagerturik zeuden hogei sagar moeta inguru berreskuratzeko metodo egokia da Diputazioak eskainitako hau

Aurten, 3 milioi t`erdi litro

Aurten, adibidez, 3 milioi t`erdi litro sagardo elaboratu dira Gipuzkoan eta ia dena kontsumitu da.

Oraindik ere produkzioaren ehuneko 50a kanpotik ekarri beharrean aurkitzen gara, Asturias eta Galiziatik batez ere, baina urtetik urtera portzentaia hau gutxituz doa eta noizbait lortuko dugu erabilitako sagar guztiak geureak izatea.

Datu hauek oraindik pozgarriagoak dira Europako Ekonomi Elkarteak eragin txarrik ez duela izango jakiterakoan.

Gai honi buruz estatu bakoitzak finkatzen ditu bere arauak: beraz, alde horretatik behintzat ez dugu, zorionez, inongo arazorik.